Historia

 

Mende honetan, azken Gerra Karlistak ondorio txarrak ekarri zituen Alonsotegiko elizatearen diru-kutxan eta horregatik, auzokideek Barakaldoko desanexioa eskatu zuten.

1878. urteko egoera-orri batek argi eta garbi jasotzen ditu Alonsotegiko elizateak izan zituen diru-kargak, armada karlistaren hornidurak emateagatik: “Alonsotegiko elizateak azken gerran armada karlistari emandako hornidura-kopurua erakusten duen egoera-orria, udaletxeko honetako idazkaritzan dauden egiaztagirien arabera".

Orri horrek 1878ko azaroaren 24ko data du, Manuel de Zabalak sinatuta dago eta 'Alcaldía de Alonsotegui' dioen zigilua dauka.

Hamar urte geroago, Barakaldorekin batu zenean, Jose de Zabala idazkariak egiaztatu zuen Alonsotegiko elizateak 61 auzokide zituela, hots, 3000 biztanle inguru; horrek erakusten digu elizateak nolako diru-karga hartu zuen bere gain.

Hornidura horiei eta bestelakoei (gurdiak, zalditeria…) aurre egiteko, elizateak kredituak eskatu behar izan zituen, guztira, 192.514 erreal. Baina hartzekodunak kapitalak eta interesak eskatzen hasi zirenean, Alonsotegik zorretan zegoela onartu zuen, zorra ezin zuela ordaindu. Orduantxe sortu zen desanexiorako asmoa, lehenengo Bilbotik eta gero Barakaldotik; azkenean, bigarren hori nagusitu zen eta 1888ko azaroaren 13an amaitu zen tramitea.

XIX. mendearen azken hamarkadan Bilbao-Santander trenbidearen obrak hasi ziren. Perchettik Zaramillora, hamaika trenbide-pasagune egin behar ziren, antzinatik Bilbo eta Balmaseda herriak Irauregitik lotzen zituen bide zaharrean. Leku zehatz batzuetan trazadura aldatu zen eta horrela, hamaika pasagune barik, lau egin ziren. Gaur egungo pertsona askok ezagutu dute bide hori, Ularkitik Zaramilloraino iristen zenean.

Barakaldoko Udalaren akta-liburuan 1893ko urriaren 20an Batzorde Iraunkorrak eginiko bilkura jasotzen da eta halaxe dio hitzez hitz: " S.A., Alambres del Cadagua-ko kudeatzaileak hilabete honetako hamalauko idazkian eskatutakoa onarturik, Bilbotik Balmasedarako antzinako auzo-bidean, Aldanondo lantegi aurrean, ehun metroko tartea desbideratzeko baimena ematea erabaki zen, hurrengo baldintzak betez: 1. Antzinako bidea oztopatu baino lehen bide berria prestaturik egotea, aurreko bidearen zabalera, gutxienez, izan behar duelarik. 2. Bide berria Kadagua ibaitik hurbil egonda, enpresak eraiki behar ditu lurrei eusteko hormak, udalaren iritziz beharrezkoak direnak."