Albisteak

Artibako panoramika 

Udaberrian, Alonsotegiko paisaiak esploratzera animatzen direnek udalerria inguratzen duten hiru ibilbide egingo dituzte, horiek denak seinaleztatuak. Guztira, 37 kilometrotik gora izango dira, eta horietan interes ekologiko handiko lekuak deskubrituko dituzte. “Gutxi barru, Alonsotegin, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker, mendi ibilaldiak egiteko eskaintza osoa izango dugu” aurreratu du Kepa Kareagak, Ingurumen Saileko zinegotziak.

Orain lanean ari dira bideetako sastrakak kentzen eta norabidea adierazteko 27 baliza, eta lau argibide-taula jartzen, inguru hauetan ibili nahi dutenak orientatzeko. Ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izateko eta baliabideak optimizatzeko, “aldez aurretik instalatutako hainbat euskarri berrerabili dira”, adierazi du proiektuan parte hartu duen Orbela enpresak.

Landa lana amaitzen dutenean, ibilbideen edukia hedatuko dute. “Gida mapa argitaratuko dute eta ibilbideak Udalaren web orrian (ww.alonsotegi.net) jarriko dituzte. Horrela, GPS gailuan deskargatu eta ordenagailu pantailatik ikusi ahal izango dira”, zehaztu du zinegotziak.

Jarduerak, gehienbat, Alonsotegiko hegoalde inguruan egin dira, Kobatxu, Zamaia eta Tontorra parajeetan. Udalerriaren iparraldean, berriz, La Llana eta Akatxatik Haitz Zurietara joateko bideak seinaleztatzen ari dira.

Horrez gain, Alonsotegiko Goikomendi mendi taldea Udalari aholkuak ematen ari da. 1966an sortutako Enkarterriko talde hau eskarmentu handia dutenen artean bigarrena da, Balmasedakoa baita lehenengoa. Beraz, taldeko kideek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte ibilbide hauek eskaintzen dituzten sekretu eta altxorrak.

Ibilbide horiek familia osoarentzat egokiak dira. Horretarako, aldapa handirik gabeko ibilbideak antolatu dituzte, bi ordu eta erdian egiteko modukoak, eta aisialdirako eremu hauetatik igaroko dira atseden hartzeko: “fuente del oro” izenekoa eta Zamundi auzoa. "Familia osoak hartu dezake parte lasai asko”, adierazi du José Manuel Gómezek, mendi taldeko kideak.

Ibilbideak Alonsotegiko erdigunetik hasiko dira, eta horietan zehar XV. mendean eraikitako San Antolín ermita ezagutzeko aukera egongo da. Ermita horren barruan “balio handiko erretaula” dago. Santa Ageda eta Santa Quiteria tenpluak dira eraikin aipagarrienak, Artiba eta Azordoiaga auzoekin batera. Ibilbideetan, gainera, arizti eta pagadiak zeharkatuko dituzte, baita “Enkarterrin geratzen den Mediterraneoko artadi bakarra ere”.

Horrez gain, merezi du Ganekogorta gailurrera igotzea eta handik Kadagua haraneko ikuspegi zoragarria begiratzea. Alonsotegiko Udalak espero du dagoen bezala mantentzea, “paisaia suntsituko luketen eta kalte handia eragingo luketen parke eoliko munstrorik gabe”.