Albisteak

 

Udalak aurreko ekitaldian baino %3,25 aurrekontu handiagoa izango du, neurri batean, udal lurren parte baten erabilera hurrengo 30 urteetarako Red Eléctrica de Españari lagatzearen ondorioz jasoko dituen aparteko diru-sarrerei esker.

100.500 euro bideratuko dira COVID-19ak udalerrian duen eragina murriztera, eta, datozen asteetan, aurrekontutik kanpo egongo diren 800.000 euro aurreikusiko dira pilotalekua hobetzeko eta Loiben aparkaleku berria eraikitzeko lanetarako.

Alonsotegiko Udalak 2020rako aurrekontua onetsi du gaur arratsaldean: 3.077.260,16 euro, hau da, aurreko ekitaldian baino %3,25 gehiago. Aurrekontuak udalerrirako ezarri den gastu sabaiaren araua betetzen du eta COVID-19ak eragin duen egungo egoerara egokituta dago. Gainera, Alonsotegiko Udalak 800.000 euro inguru aurreikusiko ditu datozen asteetan aurten egiten hasiko diren eta ohiko aurrekontutik kanpo geratuko diren bi proiektu gauzatzeko (udal gerakina erabiliko da horretarako): udal pilotalekuaren zaharberritzea eta Loibeko aparkaleku berria. Bi kopuruak kontutan hartuta, Alonsotegik 3.877.260,16 euro izango ditu 2020rako.

Alonsotegi ez da geratu pandemiak eta biztanleriaren parte handi batek jasan duen konfinamenduak gizartearen eta ekonomiaren ikuspegietatik ekarri duten eraginetik kanpo. Horretaz jabetuta, Udalak, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta udalerriaren ekonomia berrindartzeko helburua izango duen partida espezifikoa aurreikusi du. Honela, 100.500 euro bideratuko dira horretara.

  • 50.000 euro laguntza zuzenetan: Alonsotegiko Udalak, helbide fiskala udalerrian duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduei eta autonomoei laguntzera bideratuko du kopuru hori. Laguntza horien bitartez diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izan daitezke, beste batzuen artean: Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzan edo nahitaezko mutualitate profesionaletan norberaren konturako langile gisa kotizatzeko ordainketari dagozkion kuotak; negozioetarako lokalen errentamendu-gastuak; egiten ari zen jarduerari zuzenean atxikitako horniduren, makinen, instalazioen eta ekipoen mantentze-gastuak; edo ekipoak, instalazioak eta pertsonak desinfektatzeko lanetarako kanpoko laguntza aditua, kontingentzia egoerari erantzuteko bakarrik.
  • 15.000 euro "Bono-dendak" kanpainarako: Udalak, herriko establezimenduetako kontsumoa sustatzeko helburua izango duen kanpaina jarriko du martxan. Horretarako, bonu kanpaina bat abiatuko du.
  • 35.500 euro Norberaren Babeserako Ekipoak edo prebentziozko materiala erosteko: egungo egoera kontuan izanda, Alonsotegiko Udalak herriko establezimenduei "pack" bat emango die Norberaren Babeserako Ekipoekin (EPI. Guanteak, maskarilak, gel hidroalkoholikoa…) eta prebentziozko materiala (erakusmahaietan jartzeko babesko manparak eta Norberaren Babeserako Ekipoak…) erosiko du udaletxeko langileek segurtasun neurri guztiekin lan egin dezaten.

Bestelakoak:

Langileen gastuak kopuru osoaren %31,37a hartuko du (965.487,49 euro) eta ohiko gastuak %56a (1.725.270,45 euro). Bideak garbitzeko, adibidez, 310.000 euroko partida aurreikusi da. Amaitzeko, herriko elkarteek 35.130,00 euro jasoko dituzte 2020an gauzatu beharreko jardueretarako.

Diru-sarrerak:

2020ko aurrekontua iazkoa baino altuagoa izango da. %3,25eko igoerari esker 3.077.260,16 euroko gastua onartu ahal izan da, ekitaldi honetarako Udalaren diru-sarrerak %11,8 handitu direlako. Diru-sarreren handitze hori, neurri handian, Udalak Red Eléctrica de España erakundearen aldetik jasoko duen ez ohiko diru-sarrerak eragingo du. Erakundeak 270.363,75 euro ordainduko ditu, hurrengo 30 urteetan bere jarduerarako herriko lurren parte bat erabiltzeagatik.

Gainera, Alonsotegiko Udalak 800.000 euro inguru aurreikusiko ditu datozen asteetan aurten egiten hasiko diren eta ohiko aurrekontutik kanpo geratuko diren bi proiektu gauzatzeko (udal gerakina erabiliko da horretarako): udal pilotalekuaren zaharberritzea eta Loibeko aparkaleku berria. Proiektu biak 2020ko aurrekontutik kanpo egingo dira.

  • Lanak udal pilotalekuan: Lan horien helburua beheko solairua eta solairuartea egokitzea izango da –pilotalekua eraiki zenetik estrukturan daude– horietan pilotalekuaren kirol instalazio osagarriak sortzeko. Solairu biak barrutik konektatuta daude eskaileren bitartez. Gainera, barrutik eta kanpotik pilotalekuko kantxaren mailara eramango duen igogailu batekin osatuko da. Solairuartean pilotalekurako aldagela berriak eta fatxadaren aurrealde guztia hartuko duen udal gimnasioa egitea aurreikusten da. Beste alde batetik, beheko solairuan beste biltegi bat eta erabilera anitzeko aretoa sortuko dira. Areto horrek kirol ikastaroak, ekitaldiak, hitzaldiak… jaso ahal izango ditu. Pilotalekuko instalazioei dagokienez, instalazio elektrikoa eta argiztapena goitik behera berriztatuko dira, LED argien aldeko apustua eginez.
  • Aparkaleku berria Loibe inguruan: pilotalekurako eta San Bartolome elizarako sarbideak hobetzeko eta herriari ibilgailuak aparkatzeko gune berria emateko xedez, gaur egun aparkalekua dagoen lurretan, beste puntu batzuen artean, lurzati hori errematatzea, eta asfaltatuta eta behar bezala argituta egongo den aparkalekua egokitzea aurreikusten da, gaur egun dituenak baino %20 aparkaleku gehiago izan ditzan. Horrez gain, helburua kirol anitzeko (futbola, saskibaloia…) pista bat, gazteentzako ariketa gune bat eta zuhaitzak izango dituzten lorategi gune berriak instalatzea da.